XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Intsumisoak Iruñera ekartzeko bitartekoak jar dezan eskatu dio Parlamentuak Bellochi

Espainiako hainbat kartzelatara sakabanatu dituzten intsumiso nafarrak Iruñeko kartzelara itzultzeko bitartekoak jar dezan eskatu dio Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Justizia Ministerioari.

Giza Eskubideen Batzordeak Iruñeko kartzelara bisita egin eta bertako zuzendariarekin, intsumiso presoekin eta ordezkari sindikalekin elkarrizketatzeko erabakia hartu zuen atzo aho batez.

Herri Batasunak egindako proposamenetik puntu hau bakarrik onartu zuen batzordeak.

Intsumisioaren despenalizazioa eta presoak berriz Iruñeko kartzelara ekartzeko HBk egindako eskaerak bertan behera geratu ziren UPN eta PSNren aurkako botoekin.

Nafarroako alderdi sozialistak egindako hiru proposamenak berriz onartu egin zituen Batzordeak.

Hauek dira PSNk egin eskaerak: Justizia Ministerioari sakabanatutako intsumisoak Iruñera ekartzeko bitartekoak jar dezan; intsumisoei kartzela barruko araudia betetzeko; eta Justizia Ministerioari Ordezko Zerbitzu Soziala osatzeko eta intsumisioaren arazoari aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketa legalak egiteko.

Era berean Justizia eta Barne ministroarekin elkarrizketatzea erabaki du Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordeak.

SENITARTEKOAK PARLAMENTU AURREAN.

Giza Eskubideen Batzordea Parlamentuan bildu zegoen bitartean intsumisoen senitarteko eta lagunak kanpoan bildu ziren.

Batzordea amaitu ostean haserre agertu ziren intsumisoen senitartekoak: Ez da ezer konpondu, arazoak bere horretan dirau.

Iruñeko kartzelako intsumisoek ere protesta egin zuten atzo.

Kartzelako patioan intsumisioaren eta sakabanatu dituzten intsumisoen aldeko pankarta bat zabaldu zuten.